AURKEZPENA ETA HISTORIA
Agurain Arabako ipar-ekialdean kokatuta dago, Arabako Lautadako Kuadrillan, hain zuzen ere. Euskal Herriko erdigunean dago eta Europa mailako garraiobide garrantzitsuek zeharkatzen dute, eta komunikazio bikainak ditu.
Arabako Lautada meseta altu bat da, 500-600 metro ingurukoa. Zadorra ibaia inguru honetan jaiotzen da eta oso lur aberatsak dira nekazaritzarako.
Eskualdea 8 udalerriz osaturik dago, eta hauek, oro har, oso biztanleria txikiko herrixkaz osaturik daude. Agurain eskualde burua da, 5.000 biztanle inguru ditu, ia eskualdeko populazioaren erdia, eta bertan dago kokaturik eskualde mailako Aniturri institutua.
Aniturri BHIra Agurain, Asparrena, Donemiliaga, Zalduondo, Iruraiz-Gauna eta Barrundia udalerrietako ikasleak datoz.
ANITURRI BHI
Gaur egun Aniturri D ereduko Bigarren Hezkuntzako ikastetxea da. Eskaintzen dituen ikasketak ondokoak dira:
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH)
12-16 urte
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren Ondokoa: Batxilergoa
- Giza eta gizarte-zientzien batxilergoa
- Zientzien batxilergoa
16-18 urte
Oinarrizko Lanbide Heziketa: Soldadura
HISTORIA ETA BILAKAERA
Institutuan gaur egun eskaintzen den prestakuntza duela 20 urte inguru hasi zen bi zatitan: Lehengo Merkataritza Eskolako LH eta Ramiro de Maeztu Institutuko BBB, biak Gasteizko ikastetxeak. Hasieran Sagarmin kaleko futbol-zelaiaren aurreko instalazioetan kokatzen ziren eta ondoren Fraile Klaretarren instalazioetara aldatu ziren. Ematen ziren ikastaroak Ebaketa eta jantzigintzakoak eta Metalaren Mekanizazioko adar desberdinetakoak ziren A ereduan. Lautada guztiko ikasleak joaten ziren bertara.
Beranduago, IEE deituriko hezkuntzaren erreformarekin ikasleak Sakanako gazteekin ugaritu ziren, ikasketa horiek eskaintzen zituen hurbileneko ikastetxea zelako. Ikasle horietariko askok eragindako euskarazko ikasketen eskaeraren ondorioz, D eredua ezarri zen, Pedro Lope de Larrea Ikastolatik zetozen ikasleen kopurua horretarako ez baitzen nahikoa.
Ikasleen ugaritze horren ondorioz, instalazioak zaharkituta geratu ziren. Ikastaro zaharrak Klaretarretan mantendu ziren eta IEEko eskolak Udalak lagatako gasolindegiaren aurreko lokaletan eman ziren. Garai hartan, aurreko ikastetxeetatik independizatzea lortu zuen.
Horrela jarraitu zuen 1990. urtera bitarte eta urte horretan Aniturri institutuaren instalazioak eraiki ziren. Izen hori hiribilduko eta tokiko antzinako sarreretariko baten toponimoari dagokio. Bertan bildu ziren IEEko eta Lanbide Heziketako ikasketak.
Ikastetxe horretan hezkuntzak hainbat aldaketa izan ditu. LOGSEren Erreformarekin hasi zen, Natur eta osasun-zientzien batxilergoa, Teknologia-batxilergoa eta Giza eta gizarte-zientzien batxilergoa ezarriz; eta Mekanizazio bidezko Produkzioko Goi Mailako Heziketa Zikloarekin eta Erdi Mailako birekin. Erreforma horren ondorioz Sakanako ikasleak ez ziren ikastetxe horretara joaten eta horrek jaiotza-tasa baxuarekin batera matrikulazio-kopurua murriztu du.
Erreforma hori ezarri ondoren eta DBHko ikasturteak eskainiz A, B eta D ereduak ezarri ziren zegoen eskaera desberdinaren ondorioz, Araiako (B eta D), Pedro Lope de Larrea ikastolako (D) eta Marcos Sagasti eskolako (A eta B) ikasleak etortzen baitziren. Gaur egun ematen den eredu bakarra D eredua da.
Era berean, Lanbide Heziketako Zikloak desagertu egin dira, baita 2002-2003 ikasturtean, DBH amaitu ez zuten pertsonentzat, martxan jarri ziren Soldadura eta Mekanizazioko ikastaroak ere. Gaur egun soldadurako Oinarrizko Lanbide Heziketa eskaintzen da.
Sorrera-urtea: 1985